berria.info

 

Ostirala, 2014ko apirilak 11a.

 

Traba da, ez debekua.

 

Jaurlaritza TASera jotzeko prest dago euskal kirol federazioak nazioartekoetan onartuak izan daitezen.

 

Imanol Magro Eizmendi. Bilbo.

 

http://www.berria.info/argazkiak_papera/BERRIA/d20140411/p026_f01.jpg

 

Gonzalo Palacio, Juanjo Landaberea, Jon Redondo, Juanjo Alvarez eta David Salinas, atzo. / MONIKA DEL VALLE / ARP.

 

Arazoa ez da legea, borondatea baizik. Espainiako legediak ez du debekatzen euskal selekzioek nazioartean modu ofizialean lehiatzea, mugatu baizik. Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzak aginduta Globernance Institutuak euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko eskubidearen inguruan Euskal kirol federatuaren nazioarteko ordezkaritza. Euskal kirol federazioen eskutik: Bideragarritasun juridikoa txostenaren ondorioetako bi dira horiek. Ondorio horietan oinarrituta, Jaurlaritzak nazioartean ofizialki lehiatzeko eman beharreko pausoak ematen lagunduko die hainbat kirol federaziori, TASera iristeraino (Kirola Arbitratzeko Epaitegia).

Jon Redondo kirol zuendariak eman zuen erabakiaren berri, atzo, Bilbon, txosteneko egile eta kirol zuzenbideko hainbat aditurekin eginiko mahai inguruan: «Federazio bakoitzarekin bilduko gara hurrengo egunetan bide hori hasi nahi duten ikusteko, eta hastea erabakitzen badute lagundu egingo diegu euren kiroletako nazioarteko federazioan ofizialki sartzeko eska dezaten. Europako bidea aztertuko dugu, eta, ez badiete uzten, TASera joko dugu».

Are gehiago, Juantxo Landaberea Kirol Zuzenbidean espezializaturiko abokatuak argitu zuenez, bat dagoeneko hasi da bide hori aztertzen: «Ezin dut esan zein den, baina federazio bat TASera joateko asmotan dabil. Aurretik nazioartean lehiatu izan dena». Eta, orduan, zergatik ez joan guztiekin TASera? Landabereak argitu zuen: «TASera joatekotan, irabazteko aukerarekin joan behar dugu. Ezin gara joan edozein modutara». Juanjo Alvarezek txostena egin duen abokatuetako batek aukera hori zehaztu zuen: «TASera joateko bide guztiak amaitu behar dira aurretik. Bi ezezko jaso behar dituzu. Espainian eta Nazioarteko Federazioan itxi behar dizute atea». Hizlariek Gibraltarko futbol federazioaren eredua plazaratu zuten. Gibraltarrek hiru aldiz joan behar izan zuen TASera UEFAren barnean onartua izan aurretik.

Gibraltarren futbol federazioak jo zuen TASera, ez gobernuak, nazioarteko federazioak elkarte pribatuak direlako, beraz, auzia judirikoki bideratu daiteke. Horretarako, eta, txostenak dioenez, euskal selekzioak nazio gabeko lurraldeak onartzen dituzten nazioarteko federazioetan —guztira 49, tartean igeriketakoa, futbolekoa edo atletismokoa— sartzeko hiru borondate batu behar dira: Kirol horretako euskal federazioarena, Espainiakoarena eta Nazioartekoarena, bozketaz. Mendi Federazioaren kasua da. Alvarezek federazioak animatu zituen: «Merezi du saiatzea. Bosmanek lortu zuen. Europako legedian tartea dago, eta TASek auzi pribatuak argitzen ditu, eta kirol federazioak elkarte pribatuak dira».

Espainiarekin batera, bai.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2012ko apirilean emaniko epaiak zehaztu zuen egun euskal selekzioek nazioartean duten lege esparrua. David Salinas Armendariz abokatuak sententziak uzten dituen bideak aletu zituen. Hiru borondateak uztartzeko ideia nabarmendu zuen, eta beste testuinguru bat aurkeztu, Hego Euskal Herriaren kasuan behintzat, Espainiaren maila berean lehiatzea. «Sententziak ez du esaten Espainia eta euskal selekzioa txapelketa berean lehiatu ezin direnik, ez du debekatzen. Traba ez badio egiten, lehia daitezke. Gero etorriko dira nazioarteko federazioen onarpen arauak, eta Espainiak bidea oztopatzea edo ez».

 

“Federazioei nazioarteko federazioetan sartzen uzten ez badiete TASera joko dugu”.

 

JON REDONDO.

Jaurlaritzako kirol zuzendaria.

 

“Merezi du TASera joatea, federazioak elkarte pribatuak baitira. Bosmanek lortu zuen”.

 

JUANJO ALVAREZ.

Kirol Zuzenbidean aditua.

 

“Ezin dut esan zein den, baina euskal federazio bat dago TASera joatea aztertzen ari dena”.

 

JUANTXO LANDABEREA.

Abokatua eta Euskal kirol legearen egilea.

 

“Legeak ez du debekatzen Espainiako eta euskal selekzioak txapelketa berean lehiatzea”.

 

DAVID SALINAS ARMENDARIZ.

Kirol Zuzenbidean aditua.

 

http://paperekoa.berria.info/kirola/2014-04-11/026/001/traba_da_ez_debekua.htm